ADIERAZPEN ASKATASUNA



Uztaileko arratsalde batean izan zen berria. Auzitegi Nazionaleko Del Olmo epaileak “El Jueves” aldizkaria bahitzea erabaki zuen, bere azala iraingarria zela argudiatuz; azal horretan, Asturiasko Printze-Printzesak larrua jotzen zuten bitartean, Zapateroren 2.500 €-ko haur jaioberrientzako diru laguntzari buruz hizketan ageri ziren.

Egia da portada hark ez zuela inongo errespeturik, baina barre egiteko egokia iruditu zitzaidan. Izan ere, Espainiar Estatuan monarkia beti Mallorcan belauntziekin, Eguberrietako postaletan edota urriaren 12ko desfile militarrean ikusi ohi dugu eta beti serio hitz egin behar beraiei buruz. Azal harekin ordea, monarkia bera ekintza natural batean irudikatua zegoen eta monarkiaren egitekoa mahai gainean ipintzen zen, eztabaidagai izan zedin.

Hala ere, azala edozein izaki ere, larriena ez da azal horren edukia baizik eta azal hori kaleratzea eragoztea. Euskal Herrian tamalez ohituak bagaude ere zentsurak pairatzera bizi dugun arazo politikoaren ondorio gisa, egoera hau ustezko estatu demokratiko batean onartezina da demokrazia beraren kontra doalako. Izan ere, demokrazia batean gure iritziak inongo arazorik gabe egin badaitezke, nola ulertu hori iritzi edo kritikak galeraztearekin? Edozein ideia bada azalgarri eta zilegi adierazpen askatasunaren baitan, nola eragotzi daiteke ideia horien azalpena?.

Egoera honen inguruan, datu batzuk eman nahi nituzke. Euskal Herrian azken 10 urteotan denok gogoratzen ditugu adierazpen askatasunari ezarritako “askatasun eremuak”. Batetik ezker abertzaleari lotutako komunikabideak zirelako Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi zituen Polizia Nazionalak 1997. urtean; sumario berean Pepe Rei-k zuzendutako Ardi Beltza aldizkaria ere itxi zuten. 2003. urtean Euskaldunon Egunkaria-ri egokitu zitzaion txanda, ETAren sare mediatikoa zela argudiatu zen orduan eta Guardia Zibila bidali zuten Egunkaria itxi zezan. Egunkaria euskaraz zegoen komunikabide bakarra zelako itxi zuten aitortu nahi edo aitortu nahi ez; garai haietan txapapotez blai zegoen gobernuak inkestetan puntuak berreskuratzeko operazio judizial-elektoral bat behar baitzuen; eta horretarako dena ETA zela kanpainapean Egunkaria lurperatu zuten.

Arazoa beraz ez da dirudiena bezain arina eta galdera honakoa da: Erabateko demokrazia batean adierazpen askatasunak mugarik eduki behar al du? Nire iritziz ez, bidea ez baita sekula izango komunikabideak ixtea. Artikulu batean iraindua sentitu den pertsonak nire ustez bide judizialak (ohore eta izenaren aurkako akusazioak etab.) jorratu beharko lituzke. Bestela, komunikabideen itxiera onartzen hasten baldin bagara, azkenean demokrazia batean usteak, iritziak, pentsakera kritikoak, ikuspuntu desberdinak etab. bermatu behar dituzten komunikabideak, hauek anitzak (gizartea bera bezalakoa) izanik ere, ez baitira osotasunez kaleratuko ; eta ustezko demokraziaren “defentsan” demokrazia bera sasidemokrazi bat bilakatu baitzaigu. Eta hau da tamalez ildo honetako er

abaki judizialekin Espainiar Estatuan gerta dakiekeena. Eskerrak Liztor hor egongoden!!

Ulanga hire artikulua ez zatek bat ere gustatu zarzuelakoei!!!!

Aitor Ulanga


No hay comentarios:

IRAGARKIAK

Nola baloratuko zenuke gure blog-a?