Portada


Editoriala "Belaunaldi baten agurra"

2006ko irailean erabaki genuen Liztor aldizkariari berriz hasiera ematea. Eskolan halako aldizkari baten beharra sumatzen genuelako egin genuen, gure usteak, kezkak, etab. azaltzeko beharra zegoela uste genuelako. Orain, 2008ko apirilean agur esateko ordua iritsi zaigu BTX 2ko liztorkideoi (Ander Edo, Oier Izulain, Rodríguez doktorea, Iker Pedrosa eta Aitor Ulangari). Eskertza berezi bat egin nahi diegu, lerro hauen bidez, Liztorren bi urte hauetan zehar idatzi duten beste idazleei eta Aitor Oiarbideri, bere laguntzarik gabe Liztor ez litzatekeelako aurrera aterako. Baita ere, noski, gure zenbakiak hartu dituzten irakurle guztiei, eman diguten babesagatik.

Hurrengo urtetik aurrera Liztorrek jarraitzea zuen esku dago. Guk Liztorrekin jarrai dezazuen nahi dugu, baina hori ez dago gure esku. Garrantzitsua izango litzateke, gure ustez, Liztorrek aurrera jarraitzea, ikasleon ahotsak eskolan bere lekua izan dezan eta euskara bultza dadin. Zuei dagokizue erabakitzea!

ESKERRIK ASKO LIZTOR POSIBLE EGIN DUZUEN GUZTIOI!

Tapoia records

Obsesioa bihurtu da jadanik, tapoi bat ikusi eta segituan patrikara sartu, sukaldeko olio, fairi edota garbikariaren botila bukatu eta hortxe dago La Salleko ikasleren bat (edo irakasleren bat) tapoi horren zelatan.

Duela gutxi hasi zen ekimen berri hau gure ikastetxeko gela guztietan. Badirudi tona bat tapa bilduz gero, ezinduentzako gurpildun aulki bat lortu daitekeela. Ekintza bitxia da benetan eta harrera ona izan du gurean. Hala eta guztiz ere, alde handiak izan dira partaidetzan, esate baterako BTX 2.Bn hiruzpalau botila bete ditugu, hau ez da ezertxo ere ez DBH 1.Ako datuekin alderatuz gero: hauek jadanik 96 botila eta plastikozko bost poltsa bete tapoi bildu dute. Jakin izan dugunez badirudi ikasle batzuk tabernaz taberna ere ibili direla tapa preziatu hauen bila.
Honela segituz gero, tapoietan itota bukatu dugu. Baino bromak alde batera utzita, esan beharra dago honelako ekintzak positibotzat baloratu behar ditugula, solidaritza bultzatzen baitute, guri ez zaigu ezer ez kostatzen plastikozko tapa bat gordetzea eta behar duen pertsona batentzat oso garrantzitsua izan daiteke, beraz ez utzi tapak biltzeari.

Ander Edo

Gazte topagunea 2008


Martxoaren 21etik 24 bitartera antolatu zen Lezon. Kontzertu hauez gain beste hainbat ekitaldi bazeuden (horien artean Sinn Fein-ekoen elkarrizketa, Bolognari buruzko azalpenak, AHT-ri buruzkoak…). Hala ere, helburua euskal gazteria biltzea zen eta antolatzaileek esan dutenaren arabera arrakasta handia izan da, nahiz eta eguraldiak ez duen batere lagundu. Izan ere, euria, haizea, kazkabarra, denetik izan da eta kanpalekuan lo egiteko asmoa zutenek eragozpen ikaragarriak izan zituzten. Lokatzak eta haizeak traba handia egin zuten. Hori izan da aurtengo Topagunearen “akats” bakarra. Bestela giroa ikaragarria izan da, kontzertuak hasi baino lehenago bi karpak lepo betetzen ziren eta giroa aparta zen.

Beno, orain udaberriarekin ez dira inon herriko festak faltako eta badago beste zereginik. Hala ere, hurrengo urterako lau gau horiek denontzat gomendagarriak dira. Itzela izan da…


IZANDAKO KONTZERTUAK:

OSTIRALA 21:

Latzen

Etsaiak

Gu ta gutarrak

Amaiur

Edan

Xikinkei

Dj bull

LARUNBATA 22:

Ken7

Koma

Anestesia

Des-kontrol

GoseSorkun & Vice Presidentes

Dj Lpunto

Etam

IGANDEA 23:

Hesian

Canteca de macao

Banda basoti

Esne beltza

Katamalo

Tximeleta

Desoreka

Erdizka lauetan

IGANDEA 24:

Petti

Zpeiz mukaki
Etxahun Aurkenerena

Gaur egungo "musika"

Gaur egungo gizartean, uste ez dugun gauzetan ere esklabuak gara. Honen adibide garbia musika da. Eta honi buruz hitz egingo dizuet nire artikuluan. Lerro hauek idazterakoan nire helburua ez da inor mintzea, zuen begiak apur bat irekitzea baizik.

Egunero komunikabideek komeni zaienarekin bonbardatzen gaituzte eta irratietan egunero kate desberdinetan abesti berdinak errepikatzen dira behin eta berriro. Hau ez da oraintxe asmatu berri dudan kontua, bestela honetaz ohartzeko irratia pare bat egunetan piztu besterik ez duzu egin behar. Gainera errepikapenak ez da okerrena. Jartzen dituzten abestiak gehien ordaindu dutenenak dira eta hau gutxi balitz, besteen txotxongilo besterik ez diren batzuen abestiak dira.

Komunikabideek ez digute errealitatean munduan dagoen musika maila aditzera ematen. Milaka talde daude, famatuekin alderatuz askoz hobeak direnak eta bizitzan aurrera ateratzeko beste zerbaitetan lan egin behar dutenak.

Agian bat edo beste haserretu egingo da adibide hau jartzeagatik, baina orain pil pilean dagoen gaia da. Hemendik gutxira “Eurovision” delakoa egingo dute eta dagoeneko abian da. Suposatzen da bertara estatu bakoitzeko abeslaririk onenak joango direla, baina denok dakigu nor dijoan aurten Espainiaren partez, “Rodolfo Chikilikuatre” delakoa. Umorea egiten duela ez du inork ukatuko, baina goi mailako musikaria al da?
Adibide hau ezin hobea dela uste dut gaur egungo musika arrakastatsua deskribatzeko, baina nik hitz batean definituko nuke, NEGOZIOA. Honengatik gonbite bat luzatu nahiko nizueke irakurtzen ari zareten guztiei, bultza itzazue musika talde berriak, garbiak edota xumeak, hauek baitira musika bihotzez egiten dutenak.

Oier Izulain

Garena gara

Orain dela gutxi, nire lagun batek txoko batean eserita, triste, negarrez, besteak bezalakoa ezin nintzelako izan sufritzen eta ezertarako balio ez nuela pentsatzen aurkitu ninduen. Nire ondoan eseri eta ondorengo ipuintxoa kontatu zidan.

“Errege bat bere lorategira joan zen eta bere zuhaitzak, zuhaixkak eta loreak hiltzen ari zirela konturatu zen.
Haritzak, Pinua bezalakoa ezin zuelako izan, hiltzen ari zela esan zion.
Orduan, Pinuarengana joan eta triste aurkitu zuen: mahatsondoak mahatsak zituelako eta berak ez.
Mahatsondoa hiltzen ari zen Larrosa bezala loratu ezin zelako.
Larrosak negar egiten zuen Haritza bezain sendoa eta gogorra ezin zelako izan.
Orduan, landare bat aurkitu zuen, inoiz baino freskoago loratzen ari zen krabelin bat. Hori ikustean, erregea berarengana hurbildu eta galdetu zion: Nola da hain osasuntsu hazten ari zarela lorategi zimel eta itzaltsu honen erdian?
Loreak erantzun zuen: landatu ninduzunean krabelinak nahi zenituela suposatu nuelako izan liteke. Haritz bat nahi izanez gero landatu zenezakeen, baina hori egin ordez ni landatu ninduzun. Momentu horretan krabelina izaten ahal dudan hoberen saiatuko nintzela erabaki nuen, eta hona hemen zure lorategiko krabelinik ederrena.”

Bukatu bezain pronto zutitu eta joan egin zen. Ni, berriz, pentsakor gelditu nintzen han eserita, mugitu ezinik. Ez nituen inoiz gauzak horrela pentsatu, baina lagun horrek ipuin honekin esan zidan guztia egia da. Askotan gertatzen zaigu guri hori... zimeldu egiten gara geure kezketan, besteekin konparatzen garenean...
“Izango banintz…”, “Edukiko banu…”, “Nire bizitza izango balitz...”
Orainaldi zehatz batean bizi ordez, beti etorkizun ezezagun bat konjugatuz ibiltzen gara. Badirudi ez dugula ikusi nahi, zoriona guk hautatu dezakegun aukera dela.
Gaur erabaki dezakegu, garenarekin eta daukagunarekin zoriontsu izatea edo ez dugunagatik eta izan ezin dugunarekin nahigabetsu bizitzea.
Gogoratu ezazue bakarrik garena garela, eta inork ezin duela egin gu egitera etorri garena onartzen dugun egunean loratu ahal izango garela.
Sonia Fraile

Gizona haurdun

Lehenengo eta behin, irudian ikusten dezuena egiazkoa da, ez da ez da potochop-ekin egindako muntaia. Thomas Beatie transexuala haurdun gelditu da saiakera ugariren ostean.

Beatiek bere bularra kentzeko ebakuntza egin zuen eta baita testosterona tratamendua ere, baina bere ugaltze-aparatua (emakumezkoena, jakina!) mantendu egin zuen eta zortzi urte pasa dira bere azken hilekoa izan zuenetik. Hau da, legalki Thomas gizona da, baino emakumezko ugal-aparatu batekin.

Dagoeneko 5 hilabeteko haurdunaldia du, eta dena ondo badoa, neskato bat izango du hemendik lau hilabetera. Thomasen bikoteak (Nancy) umeak izan nahi zituen, ezin zuen ordea, duela urte batzuk izandako gaixotasun batengatik.

Thomasek eta Nancyk ez dute bidea erraza izan, milaka dolar gastatu dituzte bere saiakeran,tartean umeki bat galdu ere bai. Lehenengo momentutik aurka izan zituzten medikuak eta familia. Thomasen anaiak, umekia galdu zutela ohartu zenean, honakoa esan zuen “Hona da hori gertatzea, batek daki zer nolako monstruoa izango litzatekeen”.
Dudarik gabe berria oso bitxia da, nire ustez zientziaren aurrerapenek ekarri dezaketenaren erakusgarri. Honelakoetara ohitu beharko gara hemendik aurrera. Honelako kasuak tentuz ukitu behar dira eta beti errespetu osoz.



Ander Edo

...eta tenisa zer?

Gaur kirolari buruzko artikulu bat ekartzen dizuet, baina hemen ez dut hitz egingo ez Errealari buruz, ez Badiolari buruz; tenisaren inguruan hitz egingo dizuet: jokalariak, txapelketak… (kirol gehienei kritika eginez, noski!).

Tenisa nahiko baztertuta dugun kirola da, eta hori behin eta berriro ikusten dut bai telebistan zein irratian kirol albisteak botatzen dituztenean; ASKI DA!!. Kirol albisteak jarri eta entzuten duzun lehenengo gauza: “Ronaldinho potolo dago!” edo “Fernando Alonsoren kotxea gasolinarik gabe geratu da!”. Hauetako gauzekin hasten dira beti, nahiz eta Rafael Nadalek Roland Garros txapelketa irabazi hirugarren aldiz (nire ustez hau Ronaldinhoren “kupela” baino garrantzitsuagoa da).

Zer gertatzen da ba tenisarekin? Aspergarriagoa al da? Ba ez! Gaur egun Espainiak oso tenis jokalari onak ditu: Rafael Nadal, David Ferrer, Tommy Robredo... eta kirol honek txapelketa asko eta garrantzitsuak ditu, Wimbledon edo Australiako irekia esaterako. Gainera tenisean dagoen lehia handiagoa da, zeren irabazi edo galdu egiten baita jokalarien arabera eta ez diruaren arabera, futbolean edo Formula 1ean gertatzen den bezala (zer gauza arraroa, diru gehien daukanak beti irabazten du!). Gainera kasu askotan kirol hauetako gehienetan “txutxumutxuak” eta “marujeoa” ematen dira eta ahaztu egiten da benetan garrantzitsua dena: jokoa.

Besterik gabe, tenis gehiago ikustera animatzen zaituztet (gustatzen bazaizue behinik behin!) eta barkamena eskatzen dut futbolaren eta Formula 1en zale amorratuei.


Iker Estevez

Hasi da berriro

Berriro dugu gurekin 1 Formula eta urte honetan benetan ematen du Alonsok ez duela txapelketa irabaziko. Azken urteotan, lehenengo lasterketen ostean Alonso genuen txapelketako jaun eta jabe, baina dirudienez bere aurtengo autoak ezin du gehiago eman. Oraingoz goian dauden pilotuak Hamilton eta Raikkonen dira, bakoitza lehenengo postuan gelditu da behin gutxienez.

Lehengo bi lasterketetan ikusi ahal izan denez Ferrari eta McLaren Mercedes taldeak besteak baino lasterragoak dira. Hirugarren talde bezala BMW-Sauber dugu eta honen ondoren nahiko nahasirik daude. Williams-ek, Renault-ek eta Toyota-k laugarren postua nahi dute eta hemen egongo da benetako borroka. Nork irabaziko duen seguruenik azkeneko lasterketaraino ez dugu jakingo, baina polita izango da hiru talde hauen arteko ika-mikak ikustea.

Aurten ere beste gauza batzuk aldatu dira 1 Formulan: Indiar talde batek Spyker erosi eta Force India deitu du, Piquet dugu Alonsoren kide, Hamilton eta Kovalainen dauden McLaren Mercedes-en, Ross Brawn-ek Honda taldearen gidaritza hartu du, etab. Hala ere, aldaketarik garrantzitsuena Bourdais-en etorrera izan da. Pilotu honek lau urtez irabazi du Champ Car-a, Estatu Batuetako txapelketarik garrantzitsuena eserleku bakarreko ibilgailuei deritzonez, eta berdina egin nahi du 1 Formulan. Hala ere, nahiko zaila izango du Toro Rosso taldean baitago eta badakigunez auto hauek beti atzealdean ibiltzen dira. Horregatik miresgarria da lehenengo lasterketan bi puntu lortu ahal izan zituela.

Beste aldaketa garrantzitsu bat hiri lasterketen beretorrera da. Orain dela urte batzuk kendu egin ziren segurtasuna zela-eta. Monaco-z gain Balentziakoa eta Singapur-ekoa izango ditugu gurekin. Azken hau 1 Formulako lehen gau lasterketa izango da.

Bien bitartean Schumacher, 1 Formulako txapeldun ohia, Skoox Cup moto txapelketan parte hartzen ari da. Bere bigarren lasterketa irabazi zuen eta nork daki, agian denbora baten barruan goi mailako lasterketak irabazten egon liteke.
















NORK IRABAZIKO DU AURTEN 1 FORMULA TXAPELKETA??????




Iker Pedrosa

Pekingo jokoak

2008ko abuztuaren 8an, arratsaldeko 20:00etan, Pekingo Joko Olinpikoak hasiko dira. Bertan, dakizuen bezala, herrialde askotako kirolariek parte hartuko dute eta selekzio ugari izango dira (Euskal Herria tamalez ez da selekzio horien artean izango, ez baita oraindik ofiziala).

Joko Olinpikoak antolatzen dituen hiriak badaki bi astez munduaren erdigune izango dela, eta Pekinek, mundu osoa berari begira egongo dela jakinik, erakargarriago azaldu nahi du. Horregatik, herritarrentzako portaera ikastaroak, izpiritu olinpikoaren zabaltzea, etab. sustatu ditu; eta horren berri eman du nazioartean.

Esan ez duena zera da: giza eskubideak sistematikoki bortxatzen jarraitzen duela eta munduko herrialde kutsatzaileena (Ameriketako Estatu Batuen ondoren, noski) eta kutsatuenetarikoa dela.

Giza eskubideen bortxaketari dagokionez, diktadura bat denez, ez gintuzke gehiegi harritu beharko; baina datuak edonor ikaratzekoak dira: urtero 8.000 fusilatu (Amnistia Internazionalaren arabera), kartzelak fusilatuko dituzten preso politikoz beteak, heriotza-zigorra kendu beharrean “bigundu” egin du bertako legebiltzarrak, fusilatzea erabili beharrean injekzio hilgarria erabiltzera bultzatuz, Tibeten aurkako zapalkuntza neurriak, etab.

Kutsadura mailari dagokionez, Pekingo airea munduko kutsatuenetarikoa da eta horrek kirolarien osasunean eragin kaltegarriak izan litzake. Hori dela eta, herrialde batzuk euren ordezkaritzak Txinatik kanpo jarriko dituzte, ez baitira bertako airearen mailaz fidatzen.

Demagun hau guztia, Pekinen izan beharrean Kuban gertatzen dela (bi herrialdeak diktadura komunista baten menpean baitaude). Zer esango lukete amerikarrek edo europarrek? Zalantzarik gabe, giza eskubideen bortxaketa salatu eta oposizioko kideekin bilduko lirateke. Zergatik ez dute gauza bera egiten Txinan? Arrazoi ekonomikoengatik. Txina mundu mailako potentzia ekonomikoa bilakatzeko bidean dagoelako eta hobe delako txinatarrekin gehiegi ez haserretzea.
Moral bikoitz honek agerian jartzen du nazioartearen lotsarik eza. Herrialdea pobrea bada, giza eskubideak betetzera derrigortzen dute ; aberatsa bada aldiz, ezikusiarena egiten dute, ezer gertatuko ez balitz bezala. Giza eskubideak ordea, herrialde txiro eta aberatsetan bete beharrekoak dira, ez baitira ekonomi mailaren araberakoak.


Aitor Ulanga

Oporrak, zertarako?

Askotan gurasoei hurrengo hau entzuten diegu: Zer ongi orain oporrak, ezta? Baina, zer dira oporrak hain zuzen ere? Oporrak deskantsatzeko garaia da. Hau da, ezer ez egiteko garaia. Zeozer egitekotan, norberak bere hobby-ak egin behar ditu: kirola egin, “neskatan egin ” eta abar. Baina zoritxarrez batzuen oporrak ez dira horrelakoak: lan egin, estudiatu edota berreskurapenak prestatu behar dituzte. Gaizki doan ikasleak hau egitea ulertzen dut, baina beste ikasleek hau egitea ez dut ulertzen. Pixka bat pentsatu behar dugu. Ondo lan egiten duenak sari on bat merezi du, ala? Bestela erre egingo delako. Oporrak zertarako ? ... gozatzeko.

Julen Ulanga

Debekatuta hiltzea

Honela erabaki du Sarpourenx-go (Frantzia) alkateak. Bando baten bitartez jakinarazi du debekatuta dagoela herrian hiltzea.


Dirudienez herriko kanposantua txikia geratu zaie eta epaile batek ez die utzi ondoko lursail bat desjabetzen hilerria haunditzeko. Bando honen bitartez Sarpourenx-go alkateak epailearen erabakiaren aurrean bere desadostasuna aurkeztu nahi du. Alkateak dio herrian hilobiratzeko lekurik gabe hiltzen denari zigor gogorra ezarriko zaiola. “Jende askok bromatzat hartzen du, baino guk ez” dio Lalanne alkateak.


Ander Edo

*OHARRA: Irudia kalitate hobeagoan ikusteko egizu "klik" bere gainean






Gabonak...


Urtarrilaren 6an ohetik altxa eta saloira iristean… ‘Oh! Zein polita! Opariak, opariak, opariak…’ Geroago kutxazain batean sartzen zara dirua ateratzeko asmoarekin eta ‘ha sobrepasado el límite’ agertzen da pantailan letra horiekin. ‘Kaka zaharra!’ Frantziako Iraultza txiste bat izan zen momentu horretan monarkiari buruz daukazun ideiarekin alderatuz.

Hurregon egunean esnatzen zara berriro (zer erremedio…) eta saloira abiatzen zara aurreko egunean bezala. Baina oparirik ez. Orduan oroitzen zara: ‘Amaaaaa! Gosaria, berandu noalaaaaa!’ Eskolara iritsi eta lo aurpegiak besterik ez dituzu ikusten. Aharrausi bat, ‘Zer moduz oporrak?’, beste aharrausi bat, ‘Eta erregeak? Ondo?’, aharrausi…

Arratsaldean aire pixka bat hartzea erabakitzen duzu eta motxila hartuta Donostiako erdialderantz zoaz autobusean. Eskaparate guztietan BEHERAPENAK eta zu dirurik gabe. Momentu horretan ziztada bat sentitzen duzu tripa aldean.

Bai, hori dira gabonak: pobrezia, logurea eta bihotzerrea.




Marta Garcia

Gazteen iraultza

Fubolan iraultza bat bizitzen ari gara. Argi dago. Munduko futbolaririk onenak gazteak dira eta hori ez da askotan ikusi izan futbolaren historian. Normalean 26 eta 30 urte artean izan dira onenak, baina gaur egun izar berri asko dago. 20 eta 25 urte artekoak denak eta kasu askotan haiek baino zaharragoak direnak baino hobeak dira.

Cesc Fabregas kataluniarra, munduko jokalari onenetarikoen artean dago denboraldi honetan erakusten ari denez, onena ez bada. Arsenal bezalako talde gazte baten liderra da soilik 20 urterekin eta bere taldea lehen postuan mantentzen ari da Manchester eta Chelsea bezalako taldeen aurrean. Kasu hontan Wenger erakusten ari zaigu, batzuetan hobe izaten dela gazteak ondo hezitzea, espero baino gutxiago egiten duten jokalarietan dirutza gastatzea baino. Cesc-ek magia darama bere zangoetan, bere paseak zirraragarriak izaten dira eta edonork nahiko luke bere taldean, baina espero dugu Arsenalen luzaroan gelditzea.

Kaká brasildarra askorentzat munduko onena da 25 urterekin bakarrik. Milanera etorri zenean, jende gehienak txisteak besterik ez zituen egiten bere izenarekin, baina bere kalitateak denak isilarazi zituen. Bai defentsan eta bai erasoan ematen duen laguntzak Zinedine Zidane onena gogorarazten digu. Teknikoki onenetarikoa, beti sasoi onean (bere selekzioko kide batzuk ikasi beharko luketena), beti taldearentzat jokatzen, astebururo erakustaldiren bat ematen duena. Iazko Champions League-a izan zen bere kalitatearen erakustaldi nagusia, batez ere, finalerdietan Manchesterren kontra. Brasildarrak berarekin konparatzen duten portugaldar bat baino askoz hobea dela erakutsi zigun.

Messi argentinarra sekulako "booma" izan zen espainar ligan. Debutatu zuenetik aho bete hortz uzten gaitu baloia ikutzen duen bakoitzean. 21 urterekin soilik Nou Camp-a zutik uzteko gai da nahi duenean. Leok duen arazo bakarra bere lesioak dira, baina espero dugu honegatik ez izorratzea munduko jokalari onenetariko baten etorkizuna. Maradonarekin konparatu izan digute Leo Messi. Ez dakit zenbateraino izango den, baina futbolak gaur egun duen jokalaririk explosiboena da.

Futbol profesionalean azkenak sartu direnak mahai gainean kolpe gogor bat jo dute eta zertarako diren gai erakutsi digute. Orain iraultza dator
Martin

Giza ekubideak

Abenduaren 10ean igaro berri dugun Giza Eskubideen Eguna aprobetxatuz, giza eskubideen inguruko gogoeta bat burutu nahi nuke.


Giza Eskubideak pertsona orori atxikitutako eskubideak dira pertsona horren jaioterria, arraza, sexua, etab. edozein delarik; hitz gutxitan, pertsona izateagatik guztiok ditugun eskubideak. Baina, eskubide horiek benetan betetzen al dira? Askotan, giza eskubideak bortxatzen direla entzutean segituan jo ohi dugu hirugarren mundura edota Irak, Afganistan, Palestina bezalako herrialdeetara; baina ez genuke hain urrutira joan behar; gure herrian bertan ere, herri garatu bat garen arren, giza eskubideak bortxatu egiten baitira. ETA bera da eredu argi bat. Hilketa eta mehatxua erabiliz ahalegintzen da bere proiektu politikoa inposatzen, ohartu gabe indarkeriak sekula ez diola inolako etekin edo irabazirik ematen berau erabiltzen duenari, soilik sufrimendua eta samina ekar diezazkiokeela indarkeria darabilenari eta indarkeria hori pairatzen dutenei. Bestetik Alderdi Legea edota presoen sakabanatzea daude, hauek ere erreminta legala diren babespean, baina parte hartze politiko askearen aurkako neurria bata ( Alderdi Legea, ez baitio ezker abertzalearekin bat datorren jendeari erakunde esparrurik uzten) eta mendekuan oinarritutako politika judiziala bestea ( preso batek Zuzenbidearekin bat etorriz bere etxetik hurbileneko kartzelan bete behar baitu bere espetxe zigorra). Gaixoa sendatzeko botika desegokiak nire ustean.


Bestetik giza eskubideei buruz ari garenean ezin ahaz ditzakegu beste eskubide batzuk; gizarte eskubideak deritzenak. Hemen sartuko genituzke esaterako, denok etxebizitza duin bat izateko dugun eskubidea ( nire ideologiagatik oso gustuko ez dudan Espainiar Konstituzioan 47. artikuluan aipatzen dena, baina betetzen ez dena) edota ingurumen on bat izateko dugun eskubidea (aldaketa klimatikoarekin kinka larrian dagoena); baita ere gutxiengoen hizkuntz eskubideak ( Iparraldean eta Nafarroa erdi-hegoaldean euskaldunek bortxatuak dituztenak). Beraz argi dago Euskal Herrian ere, nazio garatu bat garen arren, bide luzea dugula jorratzeke giza eskubide guztiak pertsona guztientzako bermatuak egon daitezen. Eta hau ez da Olentzerok ekar diezagukeen gauza bat, denon artean lortu behar dugun zerbait baizik. Urteberri on guztioi!!
Aitor Ulanga

Gabonen zentzua

Gabonak iristear daude eta dagoeneko hasi da komunikabideen bonbardaketa eta haurrak bortizki iruzurtuak dira Olentzerori mila gauza eska diezazkioten urtero bezala. Janariaren prezioa gora doa eta famili guztiek euren poltsikoak hustuko dituzte ustez gabon zoriontsuagoak izan ditzagun.

Ikusgarria da nola erabiltzen gaituzten haiek nahi duten gizartea sortzeko. Neskatxek pixa, kaka eta botaka egiten dituzten panpinak (liluratuta gelditu nintzen hau ikusi nuenean) erosi behar omen dituzte, mutikoek berriz, mila gauza egiten dituzten autoak.
Ikusten duzuen bezala txikitatik irudi batzuk ezartzen dizkigute. Eta gezurra badirudi ere, gizartearen arazo asko, honekin zeharo sendotzen dira. Emakumeen eta gizonen desberdintasunetik hasita, autoestima falta bezalako arazoetaraino. Zeren eta, ze itxura dute “Barbie” bezalako panpinek? Edo zergatik mutikoek autoekin jolastu behar dute eta neskatxek etxeko lan guztiak egitera?

Honengatik guztiagatik, batzuetan galdera bat egiten diot neure buruari: Ez ote gara telebistaren, komunikabideen eta beste askoren esklabu? Nik uste dut galdera interesgarria dela. Baina ez da hau neure artikuluarekin aditzera eman nahi nizuena.

Nire artikuluarekin gabonen benetako zentzuaren inguruan gogoeta egin dezazuen nahi nuen. Gabonetan benetan ospatzen dena Jesukristoren jaiotza da eta hau guztiok badakigu, bai sinesdunek eta bai sinesgabeek. Ez dizuet orain Jesusen bizitza kontatuko, baina denok dakigu kapitalismoaren kontrako eta txiroak laguntzen zituen gizona izan zela. Horregatik, ikaragarria iruditzen zait nola bere jaiotza gizarte kontsumistarekin ospatzen dugun.

Ondorioz, gonbidapen bat luzatu nahi dizuet. Gabonak edo Jesusen jaiotza ospatzen badituzue, ez izan hipokritak. Gizon honen ideiekin ospatu ezazue, batasun eta maitasunarekin.


Oier Izulain

Titin III.a txapeldun


2007ko abenduaren 2a. Arratsaldeko 19:15. Titin III.ak 22, Barriolak 15. Gasteizko Ogeta pilotalekuan Titin III.aTxapeldun Buruz buruko Lau terdiko txapelketa irabazi eta gero.
Azkenean pilotak justizia egin du Titini buru gainean txapela jarriz. Hogeita hemezortzi urte eta gero, buruz buruko txapel bat lortu du triziotarrak. Justizia egin da hurrengo arrazoiengatik :


1. Errioxarrak 1.300 partida jokatu dituelako bere estraineko egunetik.
2. Titinek jende asko eramaten duelako frontoira eta baita ere entretenitu; horietako bat, ni neu.
3. Retegi II.aren aurkako 1997ko finala pilotazaleok beti gogoan mantenduko dugulako hamar urte igaro arren. Partida honetan denetarik egon zen eta triziotarra 17-21 aurretik jarri bazen ere, galdu egin zuen 22-21. Beste final bat ere jokatua du Titinek Nagoreren aurka; egun horretan, irurtzundarrak egurra eman zion eta merezita 22-15 irabazi.
4. Titin edozein egunetan partida bat jokatzeko prest dagoelako.
5. Augusto asko entrenatzen delako eta asko sakrifikatzen delako.
6. Udako txapelketa asko jokatu eta irabazi duelako errioxarrak.
7. Binakako hiru txapela dituelako: bat Lasa III.arekin, bestea Goñi III.arekin eta hirugarrena Arretxerekin.



Honekin ez dut esaten Abel Barriolak ez duenik esfortzurik egin txapela irabazteko. Abel Barriolak hamar final jokatuak ditu mano mano, horietatik hiru irabaziak eta zazpi galduak. Abelek badu kaiolan txapel bat irabazia ofizialki, Eugiri irabazi ziona 22 – 10. Beste txapela, Nafarroako lau terdiko txapelketan irabazi zion Patxi Eugiri 22-13 urte berean. Zorionak Augusto !!!




Julen Ulanga

Etapa berria

Lehengo urtarrilaren 3an Errealean hauteskundeak izan ziren. Asko hitz egin da hauteskunde hauei buruz, txinatarren kontua zela-eta. Azkenean jende askoren buruan zegoena bete egin da eta Badiola jauna Errealaren lehendakari bilakatu da akziodunen %71ren babesarekin.

Egia esan behar bada, Badiolak gauza berriak ekarriko dizkigu, beste administrazio kontseiluek eman ez digutena. Nik uste dut kontseilu honek konfidantza emango digula gure taldearengan. Bakarrik ikusi behar da zenbat lan egin duten hauteskunde hauek irabazteko: hauteskundeetarako artean zenbait hilabete gelditzen zirenean, ia ia Donostiar guztiek bazekiten zenbat jokalarirekin hitz egin zuten, denen ahotan txinatarrak zeuden, ez zen ezer entzuten kontseilu zaharrari buruz, beraz esan daiteke garaipena merezita izan dela.

Batzar orokorrean ikus zitekeen nola kontseilu zaharrak bere kanpainia nolabaitean beste hautagaiak gutxiestea izan zela, besteen puntu ahulak, nolabait esateko, astintzea beraien planak argi eta garbi azaldu ordez.
Orain bakarrik geratzen zaiguna taldea eta taldearen administrazioa nola doan ikustea da, jokalariek dena eman beharko dute taldea aurrera joan ahal izateko, argi baitago haiek ez baldin badute ezer egiten berdin duela zein dagoen administrazio kontseiluan. Beraz lehengo hilabete hauetan pazientzia eskatu behar da.

Besterik gabe AUPA ERREALA!!!


Aitor Jaime

Printzesa gau batez


Ez dut inoiz ahaztuko gau hura. Han geunden gu, artean elkar ezagutu gabe. Dotore-dotore zeunden zure alkondara beltz berriarekin, gonbidatu guztiak agurtzen zure irribarrearekin, inoiz ikusi dudan irribarre ederrenarekin. Denok maite zintuzten, eta ez da harritzekoa, joaten zinen leku guztietara zure pozarekin kutsatzen gintuzun gu denak. Gaua luzea izan zen, baina niri izar herratua izan balitz bezala pasa zitzaidan.







Afaria bukatu orduko festa hasita zegoen. Oraindik gogoratzen dut nola ezagutu ginen. Neska guztien ahotan zeunden, dantzari aparta baitzinen. Dantzalekura joatera ez nintzen ausartu, denen aurrean erridikulua egiteari beldur handia bainion. Horregatik, txoko batean eseri nintzen zu ondo ikusteko. Bizpahiru abesti pasa ondoren eserlekutik altxatu eta kanpora joan nintzen. Aire pixka bat behar nuen, ez nekien zer gertatzen zitzaidan. Nire burutik joan behar zinen, eta laster, bestela zoratu egingo nintzen. Ordu erdi igaro ondoren barrura joan nintzen festara itzultzeko asmoz, baina orduan, estropozu egin nuen norbaitekin eta ia-ia lurrera erori nintzen. Ezin nuen sinetsi, zu zinen. Pixka bat hitz egin eta gero dantzatzera gonbidatu ninduzun. Tipo ona zinen, eta nire printze urdina zinela esatera ausartuko nintzateke. Horregatik, nahiz eta lotsa eta beldur izugarria izan, ezin izan nion zure gonbidapenari ezetz esan. Oso erne nengoen egiten zenituen pausoak kopiatzen hanka ez sartzeko, esaldi hori esan zenidanean: “Besteez ahaztu, imaginatu bakarrik gaudela eta musikaren erritmoa jarraitzen saiatu”. Horrela egin nuen, eta konturatu nintzen nola pixkanaka-pixkanaka askatasun sentsazioa handitzen zen. Ezin dut esplikatu momentu horretan sentitu nuen guztia. Ametsa zirudien. Oso ondo portatu zinen nirekin gau osoan, printzesa bat izango banintz bezala tratatu ninduzun. Ondo baino hobeto pasa genuen, eta festa bukatzeko, eman zenidan muxu eder hura, nire lehenengo muxua. Denek kontatzen dutena baino zoragarriagoa da. Gau polita izan zen hura, bai horixe, izarrez betetako zerua zegoen, eta haien artean zu zinen gehien distiratzen zuena. Egun horretatik ez zaitut berriz ikusi, baina beti gogoratuko zaitut, nire bizitzan oso garrantzitsua izan baitzara.

Orain, festa batera joaten naizen bakoitzean, pentsatu ere ez dut egiten txoko batean esertzea dantzatu gabe, eta ahal dudan guztietan dantzan jarraitzen dut. Liburu bat ere idatzi dezaket dantzari buruz, baina ez luke ezertarako balio. Dantzatzea beharrezkoa da sentitzen dena sentitu ahal izateko. Norbaitek esan zuen bezala: “dantzari klasikoak oinen puntaren gainean mugitzen dira, denbora berean lurra ikutzen eta zerua heltzen ari direlako”.

Horregatik, ez utzi inoiz dantzatzeari, eta garrantzitsuena dena, ez utzi inoiz zure irribarrearekin zure inguruan dauden guztiak kutsatzeari, ez dakizu noiz maitemindu daitekeen norbait zure irribarreaz.


Sonia Fraile

Kanon digitala

Legala? Ez baino denok egin dugu noizbait. Denok kopiatu degu noizbait diskoren bat. Hau dela eta, 1992tik aurrera kopiatzeko gai ziren plataforma guztiak zergapetu eginziren (garai horietan vhs-ak eta kaseteak, eta denbora aurrera joan ahala cd-ak, dvd-ak, etab). Honela kopiatzeak ekartzen dituen galera ekonomikoak leundu nahi ziren.

Gaur egun arte cd-ak eta dvd-ak ziren zerga hau pairatzen zutenak nagusiki, baino teknologia aurrera doa eta horregatik gobernuak mp3-ak garraiatzeko eta entzuteko aukera ematen duten produktuak zergapetu ditu (besteak beste mp3, mp4, pen drive eta mobilak). Suposatzen denez edonor errugabea da kontrakoa frogatu arte, lege honek paradoxa ederra aurkezten digu, orain denok gera errudunak kontrakoa frogatu ala ez. Hau da, produktu bat erosten duzun momentutik nolabaiteko isun berezi bat ordaintzen ari zera, cd, dvd edo dena delako horrekin egin dezakezunagatik. Arau hau muturrera eramanda, guraize batzuk erostean gartzela zigorra jasan beharko genuke guraize hoiekin edonor hil baitezakegu. Gazteok dauzkagun kontsumo ohiturak direla eta lege honek zuzenean gure poltsikoan eragina dauka. Ondoren gaur egun dauden tarifak aurkeztuko ditut eta gobernuak proposatzen dituenak. Lege hau urtarril erdialdean jarriko litzateke martxan. Eta ez ahaztu

“denok gera errudunak, kontrakoa frogatu ala ez frogatu”

Ander Edo
IRAGARKIAK

Nola baloratuko zenuke gure blog-a?