Pekingo jokoak

2008ko abuztuaren 8an, arratsaldeko 20:00etan, Pekingo Joko Olinpikoak hasiko dira. Bertan, dakizuen bezala, herrialde askotako kirolariek parte hartuko dute eta selekzio ugari izango dira (Euskal Herria tamalez ez da selekzio horien artean izango, ez baita oraindik ofiziala).

Joko Olinpikoak antolatzen dituen hiriak badaki bi astez munduaren erdigune izango dela, eta Pekinek, mundu osoa berari begira egongo dela jakinik, erakargarriago azaldu nahi du. Horregatik, herritarrentzako portaera ikastaroak, izpiritu olinpikoaren zabaltzea, etab. sustatu ditu; eta horren berri eman du nazioartean.

Esan ez duena zera da: giza eskubideak sistematikoki bortxatzen jarraitzen duela eta munduko herrialde kutsatzaileena (Ameriketako Estatu Batuen ondoren, noski) eta kutsatuenetarikoa dela.

Giza eskubideen bortxaketari dagokionez, diktadura bat denez, ez gintuzke gehiegi harritu beharko; baina datuak edonor ikaratzekoak dira: urtero 8.000 fusilatu (Amnistia Internazionalaren arabera), kartzelak fusilatuko dituzten preso politikoz beteak, heriotza-zigorra kendu beharrean “bigundu” egin du bertako legebiltzarrak, fusilatzea erabili beharrean injekzio hilgarria erabiltzera bultzatuz, Tibeten aurkako zapalkuntza neurriak, etab.

Kutsadura mailari dagokionez, Pekingo airea munduko kutsatuenetarikoa da eta horrek kirolarien osasunean eragin kaltegarriak izan litzake. Hori dela eta, herrialde batzuk euren ordezkaritzak Txinatik kanpo jarriko dituzte, ez baitira bertako airearen mailaz fidatzen.

Demagun hau guztia, Pekinen izan beharrean Kuban gertatzen dela (bi herrialdeak diktadura komunista baten menpean baitaude). Zer esango lukete amerikarrek edo europarrek? Zalantzarik gabe, giza eskubideen bortxaketa salatu eta oposizioko kideekin bilduko lirateke. Zergatik ez dute gauza bera egiten Txinan? Arrazoi ekonomikoengatik. Txina mundu mailako potentzia ekonomikoa bilakatzeko bidean dagoelako eta hobe delako txinatarrekin gehiegi ez haserretzea.
Moral bikoitz honek agerian jartzen du nazioartearen lotsarik eza. Herrialdea pobrea bada, giza eskubideak betetzera derrigortzen dute ; aberatsa bada aldiz, ezikusiarena egiten dute, ezer gertatuko ez balitz bezala. Giza eskubideak ordea, herrialde txiro eta aberatsetan bete beharrekoak dira, ez baitira ekonomi mailaren araberakoak.


Aitor Ulanga

No hay comentarios:

IRAGARKIAK

Nola baloratuko zenuke gure blog-a?