Printzesa gau batez


Ez dut inoiz ahaztuko gau hura. Han geunden gu, artean elkar ezagutu gabe. Dotore-dotore zeunden zure alkondara beltz berriarekin, gonbidatu guztiak agurtzen zure irribarrearekin, inoiz ikusi dudan irribarre ederrenarekin. Denok maite zintuzten, eta ez da harritzekoa, joaten zinen leku guztietara zure pozarekin kutsatzen gintuzun gu denak. Gaua luzea izan zen, baina niri izar herratua izan balitz bezala pasa zitzaidan.







Afaria bukatu orduko festa hasita zegoen. Oraindik gogoratzen dut nola ezagutu ginen. Neska guztien ahotan zeunden, dantzari aparta baitzinen. Dantzalekura joatera ez nintzen ausartu, denen aurrean erridikulua egiteari beldur handia bainion. Horregatik, txoko batean eseri nintzen zu ondo ikusteko. Bizpahiru abesti pasa ondoren eserlekutik altxatu eta kanpora joan nintzen. Aire pixka bat behar nuen, ez nekien zer gertatzen zitzaidan. Nire burutik joan behar zinen, eta laster, bestela zoratu egingo nintzen. Ordu erdi igaro ondoren barrura joan nintzen festara itzultzeko asmoz, baina orduan, estropozu egin nuen norbaitekin eta ia-ia lurrera erori nintzen. Ezin nuen sinetsi, zu zinen. Pixka bat hitz egin eta gero dantzatzera gonbidatu ninduzun. Tipo ona zinen, eta nire printze urdina zinela esatera ausartuko nintzateke. Horregatik, nahiz eta lotsa eta beldur izugarria izan, ezin izan nion zure gonbidapenari ezetz esan. Oso erne nengoen egiten zenituen pausoak kopiatzen hanka ez sartzeko, esaldi hori esan zenidanean: “Besteez ahaztu, imaginatu bakarrik gaudela eta musikaren erritmoa jarraitzen saiatu”. Horrela egin nuen, eta konturatu nintzen nola pixkanaka-pixkanaka askatasun sentsazioa handitzen zen. Ezin dut esplikatu momentu horretan sentitu nuen guztia. Ametsa zirudien. Oso ondo portatu zinen nirekin gau osoan, printzesa bat izango banintz bezala tratatu ninduzun. Ondo baino hobeto pasa genuen, eta festa bukatzeko, eman zenidan muxu eder hura, nire lehenengo muxua. Denek kontatzen dutena baino zoragarriagoa da. Gau polita izan zen hura, bai horixe, izarrez betetako zerua zegoen, eta haien artean zu zinen gehien distiratzen zuena. Egun horretatik ez zaitut berriz ikusi, baina beti gogoratuko zaitut, nire bizitzan oso garrantzitsua izan baitzara.

Orain, festa batera joaten naizen bakoitzean, pentsatu ere ez dut egiten txoko batean esertzea dantzatu gabe, eta ahal dudan guztietan dantzan jarraitzen dut. Liburu bat ere idatzi dezaket dantzari buruz, baina ez luke ezertarako balio. Dantzatzea beharrezkoa da sentitzen dena sentitu ahal izateko. Norbaitek esan zuen bezala: “dantzari klasikoak oinen puntaren gainean mugitzen dira, denbora berean lurra ikutzen eta zerua heltzen ari direlako”.

Horregatik, ez utzi inoiz dantzatzeari, eta garrantzitsuena dena, ez utzi inoiz zure irribarrearekin zure inguruan dauden guztiak kutsatzeari, ez dakizu noiz maitemindu daitekeen norbait zure irribarreaz.


Sonia Fraile

No hay comentarios:

IRAGARKIAK

Nola baloratuko zenuke gure blog-a?