Giza ekubideak

Abenduaren 10ean igaro berri dugun Giza Eskubideen Eguna aprobetxatuz, giza eskubideen inguruko gogoeta bat burutu nahi nuke.


Giza Eskubideak pertsona orori atxikitutako eskubideak dira pertsona horren jaioterria, arraza, sexua, etab. edozein delarik; hitz gutxitan, pertsona izateagatik guztiok ditugun eskubideak. Baina, eskubide horiek benetan betetzen al dira? Askotan, giza eskubideak bortxatzen direla entzutean segituan jo ohi dugu hirugarren mundura edota Irak, Afganistan, Palestina bezalako herrialdeetara; baina ez genuke hain urrutira joan behar; gure herrian bertan ere, herri garatu bat garen arren, giza eskubideak bortxatu egiten baitira. ETA bera da eredu argi bat. Hilketa eta mehatxua erabiliz ahalegintzen da bere proiektu politikoa inposatzen, ohartu gabe indarkeriak sekula ez diola inolako etekin edo irabazirik ematen berau erabiltzen duenari, soilik sufrimendua eta samina ekar diezazkiokeela indarkeria darabilenari eta indarkeria hori pairatzen dutenei. Bestetik Alderdi Legea edota presoen sakabanatzea daude, hauek ere erreminta legala diren babespean, baina parte hartze politiko askearen aurkako neurria bata ( Alderdi Legea, ez baitio ezker abertzalearekin bat datorren jendeari erakunde esparrurik uzten) eta mendekuan oinarritutako politika judiziala bestea ( preso batek Zuzenbidearekin bat etorriz bere etxetik hurbileneko kartzelan bete behar baitu bere espetxe zigorra). Gaixoa sendatzeko botika desegokiak nire ustean.


Bestetik giza eskubideei buruz ari garenean ezin ahaz ditzakegu beste eskubide batzuk; gizarte eskubideak deritzenak. Hemen sartuko genituzke esaterako, denok etxebizitza duin bat izateko dugun eskubidea ( nire ideologiagatik oso gustuko ez dudan Espainiar Konstituzioan 47. artikuluan aipatzen dena, baina betetzen ez dena) edota ingurumen on bat izateko dugun eskubidea (aldaketa klimatikoarekin kinka larrian dagoena); baita ere gutxiengoen hizkuntz eskubideak ( Iparraldean eta Nafarroa erdi-hegoaldean euskaldunek bortxatuak dituztenak). Beraz argi dago Euskal Herrian ere, nazio garatu bat garen arren, bide luzea dugula jorratzeke giza eskubide guztiak pertsona guztientzako bermatuak egon daitezen. Eta hau ez da Olentzerok ekar diezagukeen gauza bat, denon artean lortu behar dugun zerbait baizik. Urteberri on guztioi!!
Aitor Ulanga

No hay comentarios:

IRAGARKIAK

Nola baloratuko zenuke gure blog-a?