Gabonen zentzua

Gabonak iristear daude eta dagoeneko hasi da komunikabideen bonbardaketa eta haurrak bortizki iruzurtuak dira Olentzerori mila gauza eska diezazkioten urtero bezala. Janariaren prezioa gora doa eta famili guztiek euren poltsikoak hustuko dituzte ustez gabon zoriontsuagoak izan ditzagun.

Ikusgarria da nola erabiltzen gaituzten haiek nahi duten gizartea sortzeko. Neskatxek pixa, kaka eta botaka egiten dituzten panpinak (liluratuta gelditu nintzen hau ikusi nuenean) erosi behar omen dituzte, mutikoek berriz, mila gauza egiten dituzten autoak.
Ikusten duzuen bezala txikitatik irudi batzuk ezartzen dizkigute. Eta gezurra badirudi ere, gizartearen arazo asko, honekin zeharo sendotzen dira. Emakumeen eta gizonen desberdintasunetik hasita, autoestima falta bezalako arazoetaraino. Zeren eta, ze itxura dute “Barbie” bezalako panpinek? Edo zergatik mutikoek autoekin jolastu behar dute eta neskatxek etxeko lan guztiak egitera?

Honengatik guztiagatik, batzuetan galdera bat egiten diot neure buruari: Ez ote gara telebistaren, komunikabideen eta beste askoren esklabu? Nik uste dut galdera interesgarria dela. Baina ez da hau neure artikuluarekin aditzera eman nahi nizuena.

Nire artikuluarekin gabonen benetako zentzuaren inguruan gogoeta egin dezazuen nahi nuen. Gabonetan benetan ospatzen dena Jesukristoren jaiotza da eta hau guztiok badakigu, bai sinesdunek eta bai sinesgabeek. Ez dizuet orain Jesusen bizitza kontatuko, baina denok dakigu kapitalismoaren kontrako eta txiroak laguntzen zituen gizona izan zela. Horregatik, ikaragarria iruditzen zait nola bere jaiotza gizarte kontsumistarekin ospatzen dugun.

Ondorioz, gonbidapen bat luzatu nahi dizuet. Gabonak edo Jesusen jaiotza ospatzen badituzue, ez izan hipokritak. Gizon honen ideiekin ospatu ezazue, batasun eta maitasunarekin.


Oier Izulain

No hay comentarios:

IRAGARKIAK

Nola baloratuko zenuke gure blog-a?