Bakea, denon eskubide


Urtarrila amaieran ospatu zen Ghandiren heriotzaren urteurrena probextuz, bakearen inguruko artikulu hau idatziko dut. Aski ezaguna da denontzako Ghandi bakezale indiarrak bake eta elkarbizitzaren alde egin zuen apustu irmoa eta berak esan zuen honako esaldi famatu hau: “ Ez dago biderik bakearentzat, bakea da bidea”. Urte asko igaro diren arren, ez gara gai izan lelo hau hartu eta bera oinarri izanik gizartea eraikitzeko.

Ghandik esaldi hura esan ostean, mundu mailako agintariek eta leku batzuetako erakunde terroristek entzungor egin zioten eta guda estrategiekin aurrera jarraitu zuten, horren adibide dira esaterako; Vietnamgo gerra, Txetxeniako gatazka, Euskal Herrian ETA, Kolonbian FARC edota orain dela urte gutxi Azoreetako hirukoteak Irak inbaditzeko hartu zuen legez kanpoko erabakia. Ez dugu ezer aurreratu. Gure garapena urte guzti hauetan zehar soilik teknologikoa izan dela esan dezakegu lasai asko, gizakiak lehen bezala jarraitzen baitu jokatzen gizarte bat eraikitzeko orduan, baita gatazkei aurre egiterako garaian ere.

Argi dagoena da guda bat egitea erabakitzeak dituen interes ekonomikoak agerikoak eta nabariak direla; aitzakia politikoa izanik ere, guda osoen sakoneko arrazoiak ekonomikoak baitira. AEBen politika da horren erakusle garbia gaur egungo mundu honetan. Irak demokrazia eta askatasunaren baitan inbaditu zuten, hura askatzeko asmoz. Mozorroak oso polita dirudi, baina denok dakigu Irak-eko legez kanpoko gudaren arrazoia petrolioa zela, eta bide batez, AEB-k Golko inguruan petrolio kontrolaren oinarriak finkatzea, hartara bere ekonomiak behar dituen baliabide energetikoak beste belaunaldi batentzat bermatuak egoteko. Guztiz gaitzesgarria eta onartezina. Izan ere, demagun Bush-en gobernuak esandako gezurrak egia zirela eta demokrazia eta askatasuna eraman nahi zizkiotela Irakeko herriari. Honek makina bat galdera dakartza demokraziaren funtsezko oinarriei buruz. Demokrazia eta askatasuna bonben eta hildakoen bidez zabaldu behar al dira? Demokrazia ez al dute herri bakoitzeko herritarrek erabaki behar? Askatasuna al da herriak txikitzea, zibilak akatzea edota 200.000 tropa atzerritarrez herri bat josia egotea? Demokrazia demokraziatik kanpoko legeen bidez eginiko guda baten bidez hedatzen al da? Horrela jarrai nezake beste orri bat betez, baina alferrik izango litzateke AEBetako presidenteak bere baitan jarraituko duelako. Denon begibistan dagoena da guda hau porrot bat izan dela, ez baita nahi zen ezer lortu: suntsipen handiko armak ez dira inon ageri, demokrazia bat ezartzeak ezinezkoa dirudi, petrolio horniketa eskuratzeak oso zaila dirudi, egunero 100 hildakotik gora dituzte, islamiar terrorismoarentzako harrobi bilakatu da, guda zibil bat oso litekeena da...

Gure herrian bertan ere, bakearen alde gaudenok ikaragarrizko zaplastekoa jaso genuen iragan abenduaren 30ean; ETAk Barajasen burutu zuen ekintza lazgarri, gaitzesgarri eta onartezin harekin. Itxaropentsu ginen su etenarekin piztu zen itxaropena oraingoan ondo amaituko zelakoan, aukera inoiz baino hobea zelako. Hala ere, sinestuta nago bakean, ETArik gabeko Euskal Herri batean biziko naizela, ezerk ez duelako justifikatzen desberdin pentsatzen dutenen hilketa. Jakitun naiz, ez dela bide erraza eta hau unerik egokiena hori esateko; baina euskaldunok ezin dugu onartu XXI. mendean inori ordezkatu gabe talde terrorista batek gure izenean hitz egin eta hiltzea, gure izenean ez dugulako onartzen desberdin pentsatzen dutenak akabatzea eta gure izenean guk hitz egiten dugulako. Horregatik, eskatu nahi dut bakean biziko garen Euskal Herri bat, non bakoitzak egoki deritzona defenda dezakeen eta botoak baditu, bere usteak aplika; bakea azkenean gu guztion eskubidea delako eta gu guztiok ikusiko dugun zerbait, lehenago edo beranduago.

Aitor Ulanga Ganuza

No hay comentarios:

IRAGARKIAK

Nola baloratuko zenuke gure blog-a?