Formula 1 gelditu egin da hurrengo urtera arte


Schumacherren, Cosworthen eta Michelinen azken lasterketa izateaz gain, Brasilgo Sari Nagusia motorrentzat ere ziklo baten amaiera izan zen. Betidanik 1 Formula motorren erakusleiho izan da, fama asko lortu baitute. Baina hau bukatu egin da, motorrak hurrengo hiru urteetarako berdinak izango baitira.

Erabaki honen atzean kostu murrizketaren estrategia dago. Azken urteetan, 1 Formulako eskuderia asko joan egin dira, gehienak diruagatik. Kostuek izugarri egin dute gora eta horrek erakargarritasuna kentzen dio, batez ere, kirol honetan sartzeko asmotan dauden talde berriei.

Beraz, hurrengo urteetan motorren bilakaera gelditu egingo da. Txapelketa aurrera dihoan heinean motorren batean arazoren bat topatuz gero, eskuderiek FIAri aldatzeko baimena eskatu beharko diote. Kanpoko beste elementu batzuk, aldiz, askatasun osoz alda daitezke.

Aldaketa horrek beste aldaketa garrantzitsu bat izango du lagun 2008an. Izan ere, orduan FIAk motorraren elektronika estandarra inposatuko du, talde guztientzat berdina. Mekanika zenbat eta antzekoagoa izan, gidariak orduan eta garrantzi gehiago izango du. Hau da FIA azken urte hauetan bilatzen ari izan dena, ahal den heinean gidariak garrantzitsuagoak egitea. Honek ematen baitio ikuskizuna eta bizitasuna kirol honi.

Aurten berriz, lehengo urterako zeuden zenbait lege aldatu ditu FIAk, Ferrari berriro talde nagusien artean egon zedin. Kosta egin zaion arren, azkenean Ferrarik nagusitasuna lortu du bigarren erdiko lasterketa gehienetan. Alonso eta Renault aldiz lehen zatian sendo egon dira, baina urtea aurrera joan ahala atzerantz egin dute.

Aurtengo urtearen analisia:

Lehengo urtean bezala, Alonsok Reanult kotxea zein azkarra zen erakutsi zuen. Lehen hiru lasterketak eroso irabazi ondoren, Europako lehenengo lasterketan Alonso bigarren gelditu zen Schumacherrren atzetik. Ferrariko gidariak erakutsi zuen urte honetako txapeldun izatea ez zela erraza izango. Hurrengo lasterketan, Europakoan berriro ere Ferrari goian egon zen.

Montmelon, Monakon, Silverstonen eta Montrealen Fernandok abiadura zuzena sartu eta lauak irabazi zituen. Michael bigarren gelditu zen guztietan, Monakon izan ezik. Non bere kotxea aparkatu zuen kalifikaziorako balio zuten entrenamenduetan, Alonsok bere bira azkarrena egin behar zuenean. Honengatik Schumacher azkena atera zen lasterketan.

Hemendik aurrera Ferrari nagusitu zen. AEBetan Renault-ek oso lasterketa iluna egin zuen, Michael lehenengo gelditu eta Alonso laugarren. Hurrengo lasterketa Montoyak 1 Formula utzi zuenekoa izan zen. Baina, baita ere, FIAk Renaulten masa mugikorra debekatu zuenekoa. Ferrarik min handia egin zion Renaulti Frantziako lasterketan. Hemendik aurrera Alonsok taktika defentsiboa aukeratu zuen.

Italian gertatu zena oso garrantzitsua da: Schumacherrek bere erretiroa iragartzen du, FIAk Alonso zigortzen du Massa “oztopatzeagatik” eta azkenik motorra puskatzen du. Schumacher bi puntura bakarrik gelditzen da.

Hurrengo lasterketa ez zen oso garrantzitsua izan txapelketa erabakitzeko, biek ez baitzuten lasterketa bukatu. Baina bai izan zen garrantzitsua Alonsok erakutsitako indarragatik. Kalifikazioko entrenamenduetan asturiarrak eta alemaniarrak, biek, bi segunduko zigorra jaso zuten. Lasterketan berriz, Fernandok inolako zailtasunik gabe aurre hartu zion Michaeli. Hau ahozabalik gelditu zen egin ziotenagatik. Pena handia izan zen gero Renaultekoak lasterketa ez bukatzea.

Txinan gertatutakoaz geroztik, Schumacherrek txapelketa bere poltsikoan zuela zirudien. Berriro irabazi zuen eta lidergoa lapurtu zion. Alonsok berriz, bere mekaniko traketsaren erruz, hogei segundu galdu zituen boxetan.

1 Formulan ezinezkoa da esatea norbaitek txapelketa irabazi duela, zerbait gerta daitekeelako. Eta holako zerbait gertatu zitzaion Michaeli, Japonian motorra hautsi zuen hogei bira baino gutxiago gelditzen zirenenan. Seguruenik Alonsok Txinan eta Japonian egindako presioagatik gelditu egin zen Ferrariare motorra.

Brasil, aurtengo azken lasterketa. Schumacherrek oso zaila zuen txapelketa irabaztea, are gehiago oraindik bere neumatiko bat lehertu zenean. Hala ere, bere bizitzako lasterketarik ederrenetako bat egin zuen. Azken postuetan egon ondoren, puntuatu egin zuen. Buttoni, Fisichelari eta Raikkoneni egindako aurreraketak gure begietan grabaturik geldituko dira betirako.

Hurrengo urtean zer gertatuko da? Nor izango da txapeldun? Alonso McLarenekin, Raikkonen Ferrarirekin, Kovalainen Renaultekin ala beste bat? Batek daki! Hurrengo urterako egindako aldaketak kontuan izanda hauetakoren bat aukeratzea izango litzateke errazena, baina 1 Formulan gauza asko gerta daitezke. Urte honetan gertatu den bezalakoa espero dugu 1 Formula gustatzen zaigunoi.

Iker Pedrosa

1 comentario:

Anónimo dijo...

na yo x poner algo, mu bueno el blog

IRAGARKIAK

Nola baloratuko zenuke gure blog-a?