Euskara

Orain dela gutxi ospatu berri dugun Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta euskararen inguruan hainbat iritzi eta gogoeta egiteko aprobetxatuko dut.

Jakitun naiz ez dela erraza ( ziurrenik batzuetan, behar baino gehiagotan euskara politikarekin nahasten dutelako batzuk) euskararen inguruan mintzatzea, pertsona bakoitzak ikusten eta erabakitzen duelako ze jarrera hartu hizkuntzen aurrean; baina hala ere euskararen inguruan hitz egingo dut artikulu honetan.

Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da. Hau da, guk euskaldunok dugun berezko hizkuntza, Espainiak gaztelania duen bezala; hori bai berezko hizkuntza izan arren, hizkuntza txikien multzoan dagoelako, euskarak hil nahi ez badu behintzat, bide zail bat du jorratzeke, historian zehar izan duen bezala.

Egun euskararen egoera Euskal Herrian bertan, oso bestelakoa da aztertzen dugun lurraldearen arabera. Euskadin ondo dagoela esan genezake, nahiz eta oraindik euskaraz erabat bizitzeko aukerak oso murritzak diren. Alde honetatik azken bi hamarkadetan gobernutik euskara bultzatzeak eta jendeak euskararen aurrean duen jarrera baikorrak euskararen osasun egoeraren hobetzea ekarri du. Ezin ahaztu dezakegu aldi berean, gizartetik, ikastetxetatik... euskararen alde egin den lana.

Nafarroan egoera bestelakoa da. Bertako gobernuak euskararekiko duen jarrera lotsagarria da eta euskara bultza eta zaindu beharrean eta herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatu, Sanz jaunaren gobernua ikastola eta euskaltegiei dirua kentzen, euskara fakultateetatik desagerrarazi nahian etab. ari da. Nafarroako gobernuaren jarrera benetan ulerkaitza da euskararen aurrean eta politikoki soilik uler daiteke, ez hizkuntza aldetik. Sanz da euskararekin burutu behar ez diren politiken eredu, euskararen gaian behintzat eta nire iritziz, nafar euskaldunen oinarrizko hizkuntza eskubideak bermatu beharko lituzke ( administrazioarekin euskaraz mintzatzea esaterako) eta ez eskubide horien aurka egin.

Iparralde da euskal lurraldeetatik euskara okerren dagoen lurraldea. Erietxean koma egoeran dagoela esan genezake. Ofizialtasunik ezak asko zailtzen du euskararen biziraupena; ez baitu euskararentzat bizitza publikoan inolako eremurik aitortzen. Gainera, Iparralden ahoz ahozko hizkuntzaren igorpena galtzen ari da eta horren adierazle da, euskara dakitenen artean, zahar gehiago daudela gazteak baino. Beraz, euskararen etorkizuna Iparralden benetan beltza ikusten dut; hizkuntzak ofizialtasunik ez badu oso zaila delako aurreraurratsak ematea eta belaunaldiz belaunaldiko igorpena galtzen bada, zaharrek hiltzean hizkuntza beraiekin hilerrira eramango dutelako, gazteei oinordetza bezala utzi gabe.

Euskarak Euskal Herrian duen osasun egoera aztertu ostean, orain bakoitzari dagokio euskararekiko bere konpromezua hartzea. Batzuei ez zaie axolako, beste batzuoi axola zaigu, hori jada bakoitzaren hautaketa zilegia da, bizitzaren aurrean burutzen diren gainontzeko hautaketak bezala. Euskararen helburua XXI. Mende honetan, globalizazioaren mende honetan, bete dadin nahi badugu eta museotako pieza bat bilakatu ez dadin, euskaraz bizitzen ahalegindu beharko gara, ahal dugun gehienetan.

Aitor Ulanga Ganuza.

No hay comentarios:

IRAGARKIAK

Nola baloratuko zenuke gure blog-a?